2011-03-27

Elkarrizketa Berrian

JON GOMEZ GARAI. ETB1eko 'Ibil2d' saioko aurkezlea

«Jendea errealitate areagotuarekin kuxkuxean dabilela ikusi dugu»

Larunbatero 'Ibil2d' saioa aurkezten du Gomezek, 21:30 aldera. Euskal Herria hobeto ezagutzeko aukera ematen du programak, eta garapen berezia du Interneten eta sakelakoetan.

Urtzi Urkizu Donostia

ETBko aurkezleen artean gazteena da Jon Gomez (Galdakao, Bizkaia, 1990). Berriketan.info-n idazten du tarteka.

Nondik izan duzu Ibil2d saioa aurkezteko aukera?

Ibilaldiko komunikazio arduradun lanean hasi nintzen. Handik Betizuko ikuskizunak aurkeztera pasatu nintzen. Hamaika Telebistan saio bat aurkeztu nuen. Gero ETBrako Euskal Herriko Pintxo Lehiaketa, Olentzeroren etorrera eta Errege kabalgata aurkeztu nituen. Handik deitu ninduten saio hau aurkezteko.

Telebistan jende gazteari aukerak ematea zilegi izango da, ezta?

Bai, nire ustez aurpegiak aldatu beharra dago. Niri aukera hau eman izana ikaragarria da. Gainera, proiektua asko gustatzen zait. Espero dut nik ondo egitea neure lana.

Zein da Ibil2d saioan duzuen filosofia?

Izenak berak esaten duen bezala, Euskal Herriko ibilbide bat aurkezten dugu astero. 10-12 kilometroko ibilbide errazak dira. Askotan harrotasunez esaten dugu oporretan atzerria ezagutzera goazela, baina gero ez dugu geure herria ezagutzen. Saioa hortik sortzen da, gure herria ezagutarazteko ibilbideak proposatzetik. Interes puntu batzuk azaltzen dira bidean. Eta horien artean pertsona ezagunak ere ager daitezke, ingurua ondo ezagutzen dutenak.

Telebista saioaz harago, proiektuak garapen zabala du Interneten eta sakelako telefonoetan. Errealitate areagotua ere landu duzue. Zertan datza errealitate areagotua?

Sarean presentzia handia du, eta EITBk inoiz egin ez duen apustua dago. Sare sozialen bitartez ikus daiteke saioa. Errealitate areagotua orain arte ez da Euskal Herrian garatu. Interneteko konexioa duten sakelako telefonoen bitartez, doako geruza bat deskargatzen da lehendabizi. Adibidez, telefonoa mendilerro baten aurrean jartzen duzu, eta kamerak detektatu egiten du aurrean duena. Geruzak esaten dizu aurrean dauden mendiak zeintzuk diren. Puntuak geografikoak izan daitezke, baina baita dendak edo jatetxeak ere. Puntu bakoitzaren inguruko informazio gehigarria ere ematen du geruzak.

Errealitate areagotuaren kontu horrek arrakasta izango duela iruditzen zaizu?

Baietz uste dut. Sarean ikusten ari gara jendea kuxkuxean dabilela. Harrera ona izaten ari da. Jendeak esker mezu dezente helarazi dizkigu. Telebista saioak ez digu hainbeste beldur ematen, edonork ikus baitezake. Nahiz eta batzuk gauza arrotz moduan ikusi, hemendik bost urtera, errealitate areagotua jende askok erabiliko du.

Etorkizunean ibilbide horiek hiru dimentsiotan ikusiko dira agian?

Nork daki. Ez dugu hori kontuan hartu, baina posible da. Modan dago hiru dimentsioen kontua.

Gazte hasi duzu telebistako ibilbidea. Madrilen lana eskainiko balizute joango al zinateke hara?

Nire ama hizkuntza euskara da, eta gustura egiten dut lana euskaraz. Gaztelaniaz lana egitea oso arrotza egingo litzaidake. Gaztelaniaz ez naiz ondo moldatzen. Lehenengo euskaraz bizi nahi dut, pentsatzen dudalako konpromiso bat dudala herri honekin eta euskararekin.


Berria egunkarian, 2011ko martxoaren 26an argitaratua.